Ignatius 500ek Elizaren historia betirako aldatu zuen eraldaketa pertsonal bat ospatzen du. Jainkoak bizitzan egiten duen agerpenean ohikoa duenez, gertakari horrekin ere garrantzia eman nahi dio barneko esperientziari eta topaketa soil eta zintzoari. Merezi du gaur egun mundu osoko testuinguru eta kultura desberdinetako pertsonak inspiratzen jarraitzen duen kontakizunaren zedarri nagusiak gogora ekartzea.
Zauria
Garai gorabeheratsua zen. 1521ean Frantziako armada indarrez sartu zen Nafarroan erregea berriro tronuan jartzeko asmoz eta Loiolako Iñigo Iruña defendatzera joan zen. Erresumako garai bateko hiriburua frantziarren esku zegoen, baina Iñigo zitadelan sartu zen buru-belarri defendatzeko, bizia emateko prest.
Mendekoste astelehenez, maiatzaren 20an, bala batek eskuineko oina txikitu zion eta ezkerra ere zauritu zion. Familiaren dorretxean hainbat aldiz egin behar izan zizkioten ebakuntzak, eta hilzorian egon zen arren, bizia salbatu zioten.
Topaketa
Gaixondo luzea izan zuen eta etxeko liburutegian zeuden liburuak irakurtzen zituen: Kristoren historia bat eta hainbat santuri buruzko liburuak. Eguna irakurtzen igarotzen zuenez ideia bat ernaltzen hasi zitzaion: «Gizon hauek eta ni buztin berarekin egindakoak bagara, nik ere egin dezaket horiek egin zutena». Gau batez Jainkoaren Ama agertu zitzaion argiz inguratuta Haurra besoetan zuela. Orduz geroztik bere bizitza eraldatzea besterik ez zuen izan buruan: dorretxea utzi eta Jerusalemera joan nahi zuen erromes. Ez zekien Jainkoa bere barnean lanean hasi besterik ez zela egin.
Maisua
Lur Santura iritsi nahi zuen Bartzelonan itsasoratuta, baina hiria itxita zegoenez izurritearen beldur zelako, Manresan itxarotea erabaki zuen bere aurreko bizitzako nobleek ezagutu ez zezaten. Komentu batean eta pobreentzako babes-etxe batean egon zen Manresan eta koba batera joaten zen otoitz egitera; Jainkoak beste eraldaketa bat eragin zion. Hamabi hilabetez (1522ko apiriletik 1523ko otsailera) poza, larritasuna, penitentzia, desesperazioa, agerpen espiritualak eta mistizismoa txandakatu zitzaizkion. Lehen garaiko kontsolazioen ondoren, lehorte espirituala etorri zitzaion, hutsunea eta ekaitza. Azkenean, gau ilunetik irten eta esperientzia batzuk idazten hasi zen; gero “Gogojardunak” libururako baliagarriak izango zituen. Iñigo espiritu-maisua zen ordurako.
Bidea
1522eko otsailean familiari agur esan eta abiatu egin zen. Arantzazu, Navarrete eta beste hainbat tokitatik igaro eta Montserrateko monasteriora eta Manresara iritsi zen. Ibilbide hori bera gogoratzen dugu gaur egun «Inaziotar Bidean». Montserrateko monasterioan bere bekatuak aitortu eta martxoaren 25 aurreko gauean, Deikunde bezperan, bere arropa dotoreak kendu, zaku bat jantzi eta erromesen bizimodua egitea erabaki zuen Manresan.